• cast 688 zenbakiak esleitu dizkio CMTk Euskalteli telefonia mugikorreko alta berrientzat
    Internet@Euskadi          
     

    688 zenbakiak esleitu dizkio CMTk Euskalteli telefonia mugikorreko alta berrientzat

    ( Enpresak / Negocios, Konexioak / Acceso ) — internet&euskadi — 2006/10/24 — 12.49 am —

    Telekomunikazioen Merkatu Batzordeak (CMT) 6886 eta 6888 zenbakiak esleitu dizkio Euskalteli, telefonia mugikorreko bere sarearekin lanean hasten denean –hau da, abenduaren erdialdean (Gabonetako kanpainarekin batera)– egiten dituen telefonia mugikorreko alta berrientzat. Zehazki, 688 600 000 eta 688 699 999 bitarteko zenbakiak eta 688 800 000 eta
    688 899 999 bitartekoak esleitu dira. Alta ematen duten bezero berrientzat dira zenbaki horiek; egungo bezeroek, aldiz, orain duten zenbaki bera izango dute.

    Euskaltelek espero du zenbaki berri horiek Gabonetako kanpainan erabiltzen hastea. Hortik aurrera, zerbitzurik berritzaileenak eta teknologikoki aurreratuenak eskainiko dizkie bezeroei, ahalmen teknologikoa berrikuntzekin eta gailu eta sareen arteko integrazioarekin uztartuz.

    Euskaltelen telefonia mugikorreko alta berrientzat zenbaki horiek esleitu izana lehen urratsa da euskal konpainiak sare propiodun telefonia mugikorreko operadore independente gisa hasi duen ibilbidean. Irailean iragarri zuen berria, eta, hala, orain arte erabat kudeatzen ez zuen negozio bakarra, telefonia mugikorrarena, bere gain hartu du, erabat eta zuzenean.

    CMTren ebazpenaren arabera, “Batzorde honen asmoa da merkatuan lehiakide gehiagori sartzen uztea…, eta, testuinguru horretan, funtsezkoa da eragile berrien sarrera behar baino gehiago ez luzatzea. Hori dela eta, komenigarria eta beharrezkoa iruditzen zaigu, salbuespen gisa, hemen esleitu ditugun zenbakiak interkonexio bidez irekitzeko gehienezko epea hilabetera jaistea, teknikoki egin daitekeela jotzen baita.”

    Euskaltel mugikor berria

    2007ko urtarriletik aurrera hasiko dira egoera berriaz gozatzen Euskaltelen oraingo bezeroak. Plan handi eta zehatza prestatu dugu horretarako. Besteak beste, 400.000 bat bezeroren migrazioaz arduratu behar dugu, Euskaltelen 3G zerbitzuez eta azken belaunaldiko zerbitzu guztiez goza dezaten.

    Euskaltel harremanetan jarriko da bezero guztiekin, migrazioa egiteko. Hortik aurrera, Euskaltel hitza agertuko da pantailetan, orduantxe hasiko baita euskal konpainia bere sarearekin lanean. Ordura arte, Amena/Orange azalduko da pantailetan, sare horren mende baitago oraindik bezeroa.

    Bien bitartean, Euskaltelek gomendatzen die bezeroei lasai egoteko eta telefonoz datu pribaturik ez emateko, Euskaltelen bezero izaten segitu nahi badute. Horrez gain, gogorarazten die 1717 dela bezeroarentzako arretarako telefonoa, zalantzak eta arazoak konpontzeko.

    2007ko urtarriletik aurrera, zerbitzurik berritzaileenak eta teknologikoki aurreratuenak eskainiko dizkie Euskaltelek bezeroei, ahalmen teknologikoa berrikuntzekin eta gailu eta sareen arteko integrazioarekin uztartuz. Aldea izango da, beraz, Euskaltelen eta merkatura minutu-birsaltzaile huts moduan agertuko diren operadore birtualen artean. Euskaltelen integratzeko ahalmen horrek hainbat abantaila ekarriko dizkio bezeroari, hala nola edozein gailu finkotatik, mugikorretatik nahiz Internet bidez aplikazioetara sartzeko aukera, dela posta elektronikoa, dela nabigazioa, dela bideodeiak egitea eta abar.

    Proiektua aurrera eramateko, asmo handiko inbertsio-plana abiarazi du Euskaltelek –50 milioi euro inguru–, bai mugikorren sarerako ekipo propioetarako, bai informazio-sistemetarako. Hartara, Europan den azpiegitura aurreratuenetako bat izango du eskura, eta telekomunikazio-operadoreen artean erreferente bihurtuko da, mugikorren teknologietan mundu-mailako konpainiarik handienetako bat den kidearen estaldura izateaz gain.

    Iruzkin 1 - “688 zenbakiak esleitu dizkio CMTk Euskalteli telefonia mugikorreko alta berrientzat”

    1. www.e-paisvasco.com-k esaten du:

      688 zenbakiak esleitu dizkio CMTk Euskalteli telefonia mugikorreko alta berrientzat

      Telekomunikazioen Merkatu Batzordeak (CMT) 6886 eta 6888 zenbakiak esleitu dizkio Euskalteli, telefonia mugikorreko bere sarearekin lanean hasten denean –hau da, abenduaren erdialdean (Gabonetako kanpainarekin batera)– egiten dituen telefonia mugik…

    Zeuk erantzun