• cast Badator Lurreko Telebista Digitala
    En Internet&Euskadi …          
     

    Badator Lurreko Telebista Digitala

    ( Teknologia / Tecnología ) — jurgi — 2005/11/13 — 9.05 pm —

    Hil honen 10ean hasi ziren Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) proba seinaleen igorketak Hego Euskal Herrian. Iparraldean Larrun menditik orain hile batzuk hasi zituzten mota hauetako igorketak eta Hegoaldean hil honen amaiera aldera proba seinale hauen ordez ohiko telebista seinaleak igortzea espero da.

    Oraingoz, LTD bidez igortzen ari diren proba seinale hauek telebistako doiketa karta soilak baino ez dira eta gainera, ez daude lurralde osoan hedatuta. Une honetan telebista errepikagailu zehatz batzuetatik baino ez dira igortzen seinaleok, baina denborak aurrera egin hala mendi tontor gehiagotatik igorriko dituzte.

    Une honetan aipatu seinaleez gain, ETBren lau kate ikus daitezke (ETB1, ETB2, ETB Sat eta Canal Vasco) baina esan bezala, hil honen bukaera aldera TVEk, Antena3ek, Cuatrok, Telecincok, Net TVk eta Veo TVk bakoitzak bere kateak izango dituzte (oraingoak baino gehiago). Oraindik guztiz ziurra ez bada ere, kate hauek izango genituzke gutxi gora behera:

    - RTVEk oraingo bi kateez gain Canal 24 Horas, Teledeporte, Parlamentuari buruzko informazioa eta informazio erabilgarridun katea, haurrentzako katea eta bere 50 urteko ibilbideari buruzko katea izango lituzke.

    -Antena 3ek oraingo kateaz gain haurrei eta emakumeei zuzendutako kate bana izango lituzke.

    -Telecincok fikzioz eta kirolez beteriko kate bana izango lituzke oraingoaz gain.

    -Cuatrok oraingo kateaz gain musika eta informazio kate bana izango lituzke.

    -Jarri nahi duten kate analogiko berriak bi kate izango lituzke, baina oraindik ez da zein kate izango den ebatzi.

    -EITBri buruzko informaziorik ez daukagu.

    -Tokiko telebistei dagokienez, EAE zazpi barrutitan zatitu dute eta bakoitzean lau kate egongo dira, dena dela, oraindik ez da esleipena gauzatzeko araudia ere plazaratu. Tokiko euskarazko telebisten elkarteak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio esleipena egiterakoan, barruti bakoitzean gutxienez euskarazko telebista bat egon daitela, baina beste aditu batzuen ustetan Kataluiniako eredua jorratu beharko litzateke. Nafarroan euskarazko bi kateen iraupena bera ere kolokan dago gauzatu den barrutien antolakuntzagatik. Dena dela oraindik ez dakigu zer gertatuko den esleipenarekin.

    Iparraldean orain hile batzuk hasi zituzten igorketok Larrun menditik eta denborarekin lurralde osora zabalduko dira. Dena dela, kasu honetan ez dakigu zer gertatuko den tokiko telebistekin.

    Aipatzekoa da, teknologia berri honen bidez, orain arte kate analogiko bat sartzen zen lekuan, orain gutxi gora behera lau digital sartu ahal izango direla. Honek, itzalketa analogikoa gauzatzean (igorketa analogiko guztiak bukatuko diren egunean, 2010 inguruan) kate kopuru gehiago izateko aukera emango du.

    Kate guzti hauek ikusteko LTD (gazteleraz TDT) hargailu bat edo bereziki igorpenok jasotzeko aproposa den telebista bat behar dira. Baina hori bakarrik beti ez da nahikoa. Bi egoera nagusitan aurki gaitezke:
    -Pisuetan bizi den jente askok etxe osoarentzako den antena eta kanal bakarreko anplifikagailuak dauzka. Kasu honetan, kanal bakarrerako anplifikagailuak izaki, anplifikagailu gehiago jarri behar dira. Dena dela, kate digital bakoitzak ez du anplifikagailu bakar bat behar,hots, kate analogiko batean gutxi gora behera lau kate digital sartzen direnez, ez dira kate digital beste anplifikagailu behar. Hau etxeko biztanle guztiak batuz eta aditu batengana joz egiten da.
    -Etxe txikietan bizi diren batzuk banda zabaleko anplifikagailuak dauzkate jarrita. Honek, anplifikagailu horrek, aurrez esleitutako banda oso bat anplifikatzen duela esan nahi du. Beste era batera esanda, banda bateko seinale oro anplifikatzen du. Kasu honetan, bestelako arazoren batengatik ez bada ez da beharrezkoa aldaketarik egitea.

    Zeuk erantzun

    Debesestar conectado para responder.